ENTZUN! aldizkaria

azalpen laburra

Entzun musika aldizkaria nire bizitzaren atal garrantzitsua izan da. Hasieratik, musikari buruz euskaraz idatzi ahal izateko aukera izan dut bertan. Lagun ederrak egiteko aukera eman dit (Agurtzane eta Joxi, Rafa Utikan, Eneko Okene, Aitor, Edorta eta abar), eta hainbat jende interesgarri ezagutzekoa ere. Prentsaren itzalak ere erakutsi izan dizkit, eta esperientzia anitz bizi izan ditut bertan. Eskertua nago oso.

Atal honetan, aldizkarian egindako disko aipamen, erreportai eta elkarrizketa ugari ikusteko aukera dago.

Aldizkariarekin batera CD-a ateratzen genuen urtean behin.

--

Aldizkariak 25 ale kaleratu zituenean hauxe idatzi nuen:

25 ALE. NOLA DA POSIBLE? 

Entzun! musika aldizkariak 25 ale bete ditu. Errax esaten da. Musika maite dugunon ametsa 25 aldiz egi bihurtua (une batzuetan amesgaizto izan bada ere). Eta ametsa zena errealitate bihurtu da besteak beste; bi hilero (pazientzia handiz) aldizkaria kioskoan erosi duzuen guztioi esker, zuen konfiantza eta dirua gure esku jarrita harpide egin zaretenoi esker, gure bizitzari zentzua eman eta aldizkaria edukiz bete duzuen talde eta musikariei esker, diskoetxetako jendea, banatzaile, zaletu eta orotar euskara hutsez osatutako aldizkaria posible egin duzuen guztioi esker. Eta eskerrak ere noski, oso bereziak gainera, ilusio handiz eta musu-truk zuen bizitzako ordu preziatuak ordenadore aurrean aldizkarirako artikulu, elkarrizketa eta definitu ezin daitezken testuak idazten ordenadore aurrean igaro dituzuen lagun guztioi. 
Eskerrak eman eta barkamenak eskatu. Barkamenak egindako akats eta hanka-sartze guztiengatik (nahi baina askoz gehiago izan direnak). Militantzia hutsez lan egiteak badu bere xarma baina baditu ere bere muga eta limitazio nabarmenak. Barkamenak beraz. 
Gurea bezalako aldizkari batek aurrera egin behar badu zuen guztion parte hartzea behar beharrezkoa du. Euskal Herrirako euskara hutsez egindako musika aldizkari batean sinisten duzuen guztion laguntza. Zuk bakarrik ezagutu eta mundu guztia liluratuko duen talde edo musika estiloari buruz idatzi nahi duzula? Aldizkariaren diru premia guztiak asetuko dituen osaba aberatsa duzula? Orgasmora eraman zaituen kontzertu paregabeaz disfrutatu duzula? Ez izan zalantzarik, jarri zaitez gurekin harremanetan eta famatu egingo zaitugu. 

Eta diru uholde horrekin zer egingo duzun pentsatzen duzun bitartean, ONDO IZAN ETA LASTER ARTE. 

ARITZ SOUND SYSTEM

----

Aldizkariak 20 urteko ibilbidea bete zuenean, une horretan zeuzkan arduradunek egindako hiru galderen aritik, gogoeta bat egitea eskatu zidaten. Eskerrik asko Xabier Sagardia eta Iñigo Martinez. Lan eskerga egin duzue.

Hauxe emaitza:

Aldizkariaren azken etapako logoa.

Entzun! ek 20 urte, balorazioa.

Hauek dira hiru galderak:
1- Zein izan da zure ustez Entzunen ekarpena 20 urte hauetan?
2- Ze gabezi sumatu dituzu Entzunen ibilbidean? Zer bota duzu faltan?
3- Zein deritzozu izan beharko litzatekeela Entzunen norabidea datozen urteetan? 


1-Hartzaileen ikuspegitik, internetik gabeko garai batean bereziki, gustuko zituzten doinu eta musikariei buruzko informazioa euskaraz jaso ahal izatea, formatu desberdinetan gainera (elkarrizketa, erreportaje, disko kritika, iritzi etab.). 
Sortzaileen aldetik, euren sorkuntza ezagutarazteko tresna eskuragarria, interes eta baldintzapen ekonomikoen gainetik, aldizkaria egiten zuten bolondresen irizpidean oinarrituta (eskerrak denei!!! aldizkariaren onena ziren). 
Komunikabide aldetik, era ez profesionalean eta bere gabezi eta akats guztiekin, horrelako egitasmo bat aurrera atera zitekeela erakustea. Ekonomikoki zailtasun handia izanda ere, maila horretan ere bere aportazioa egin zuena. Eta azkenik, herri ikuspegitik, Euskal Herria bere osotasunean kontutan hartzen zuen komunikabide gisa, gure kulturaren ezagutza eta zabalkundean tresna baliotsua zen aldizkaria (esfortzu berezia egin genuen Ipar Euskal Herrira ere iritsi ahal izateko). 

2-Aldizkari osoa betetzeko haina (nire garaian behintzat). Bolondresekin osatutako edozein egitasmok izan ditzakeen gabeziak batetik (bolondresen ilusio eta borondate onak duen balorearen azpitik, beti ere) baina bereziki, nire kasuan, horrelako egitasmoa aurrera ateratzeko gaitasun nahikorik ez edukitzea eta ezetz ez esateagatik, edo egitasmoak duen garrantziaz sinistuta, baldintza ezegokietan aurrera egitea. Maila honetako egitasmo batek (oinarri horiekin) beharko zuen lan taldea osatzeko ezintasuna. Instituzioen aldetik laguntza eza eta abar luze bat. 

3- Egitasmoan sinistu eta parte hartzen dutenek egoki deritzotena. Profesionaltasunaren sendotasuna eta egonkortasuna batetik, eta bolondresen ilusioaren arteko maitasun harremana orotara, musikaren magiaz koloreztatuta